XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bihotz bi

NEGUAN irakurtzeko denbora gutxi izaki, uda atarian hasten gara lagunarten liburuak trukatzen eta aholkatzen.

Nik Amor y guerra eta Un final para Nora gomendatzeko aukera daukat aurten, iazko udan Bihotz bi eta Azkenaz beste-rekin egin nuen bezala.

¿Conoces a Saizarbitoria?, ¿Has leído la última de Lertxundi?.

Irakurle erdaldunak bi nobela eder jaso ditu, eta euskal literaturarekiko ikuspegi aberatsagoa.

Idazleek, Espainiako argitaletxe handien eraginaz, irakurlego berria irabazi dute, solaskide berriak, ingurune zabalagoa, berezkoa dutena baztertu gabe (bi bihotz?).

Bozgorailuek on egingo diete, on egingo digute.

Gaztelaniaz, baina euskal argitaletxe txukun eta xaloetan argitaratu izan balute, ez zuketen, inondlk ere, halako oihartzunik jasoko.

Gure hedabideek, nahiz gure kultur agintari gorenek, Madrilgo iritzi fabriken bermea behar izaten dute euskal idazleen obretan erreparatzeko.

Badago gogoeta mingotsak (eta autokritikoak) egiteko gairik.

Ordea, irakurketaz, liburuek eragiten duten zirraraz, nire irakurketa pribatuaz, mintzatu nahi nuke.

Ez da akaso besteenekin bat etorriko. Lagunek oporretatik itzulitakoan kontatuko didaten nobela ez da nik irakurri nuen hura bera izango. Desberdinak dira, azaletik bertatik.

Ramon Saizarbitoriaren irakurle erdaldunak azal gogorreko liburu mardula eskuratu du.

Gurea arinagoa zen. Lucien Freud-en margo-lan bortitz bat aukeratu dute Espasakoek. (Gurearen azala ere arinagoa zen).

Zirujau moduko bat ageri da. Guretzat, irudi hori beste nobela batena da (Emon biar yako, Iñigo Aranbarri, 1994).

Gainera, Bihotz bi-ren protagonista ez da zirujaua, entziklopedia saltzailea baizik.

Bihotz Bi-ren protagonistak hiztegiak (entziklopedikoak) saltzen baditu, lehenago norbaitek idatzi zituelako da.

Hitz askoren definizioak buruz dakizki, lehenago norbaitek hartu zuelako hitzak zehatz, labur eta trinko adierazteko nekea.

Hamaika pauso-ren protagonista izan zen hiztegigilea.

Bihotz bi izango da, seguruena.

Saizarbitoriaren nobelarik arinena.

Ez naiz etzanda, eguzkitan, eroso irakurri duen bakarra, irribarrea ezpainetan, komedia ironiko (eta anker) bati dagokion moduan.

Maitasunaren gerrari eta gerra maitatuei ez ezik, bere obrari, bere idazkerari eta ikuspuntuari ere egiten dio Saizarbitoriak gerra, ironiaren bolboraz, zorrotz eta, aldiberean, samur.

Etzanda

Saizarbitoriaren orain arteko obraren erreferentziarik gabe, irakurle erdaldunak zein irakurketa egingo duen jakin guraz nago.

Jakin gura eta beldur.

Guk, irakurle euskaldunok, Saizarbitoria aspalditik ezagutzen genuenok, Azkenaz beste ez dela Lertxundiren azken nobela badakigunok, zein irakurketa egin dugun galdetzen didatenean, erantzunik gabe geratzearen beldur.

Izan ere, zer dio euskal kritikak, zer iritzi emaileek? Isilik geratu beharko dut.

Isilik egon gara, bai, hedabideen eta politikoen antzera, lagun erdaldunekin, kanpoko irakurketen, komentarioen, iritzien zain eta etzanda.